BILBO-AEB, 0 km-a

JAVIER REBOLLO: ZINEMAGILEA ARGAZKIGINTZAN

Javier Rebolloren argazkigintza istorioak kontatzeko premiatik sortzen da, erakusten duen eszenan zer gertatu den edo gerta daitekeen imajinatzeko jakin-mina ikusleari igorri nahi izatetik.

Zer albiste jaso du leihora aterata telefonoz berbetan ari den emakumeak? Solasaldi adiskidetsuan dihardu, ala mehatxatzeko deitu diote? Zer harremanek lotzen ditu aurrean mahai gainean hainbat paper dauzkaten bi gazteak? Zer dira, andereñoa eta ikaslea hizkuntza eskola batean, ala abokatua eta bezeroa, eta garrantzizko zerbaiten eztabaidan dihardute? Zer sentitzen du Guggenheimeko armiarmari begiratzen dion gizonak, miresmena ala beldurra?

Galderak. Hori da konstantea Javier Rebolloren argazkigintzan: ikusleari galderak egiteko nahia, eta gonbidatzea eszenan sartu eta hari buruzko jarrera hartzera.

BEGIRADA BEREZIA

Javier Rebollok ondo ezagutzen du zinemaren mundua —bederatzi film luze zuzendu ditu eta hamahiru ekoitzi; baita dokumental eta film labur ugari ere— eta bere argazkiek bizitza zatiak harrapatzen dituzte filmetako sekuentziak izango balira bezala, ikusleak interpreta ditzan eta istorio propioa ezar diezaien, bere amaiera zoriontsuarekin edo tragikoarekin, edota bien artean dauden mila aukeretakoren batekin.

Zeren Rebolloren edozein paisaiaren atzean —naturala, urbanoa edo humanoa— berezitasun oso markatua dago, tentsio psikologiko bat irudi duena ohartarazten ari dela azaldu ezin den zerbait gertatzeko zorian dagoela.

Javier Rebolloren argazkigintzak eraldatu egiten du erreala dena, egunerokoa, eta eszenatoki desberdin eta arrotz bihurtzen du. Horregatik da, izatez, argazkigintza errealista, baina trebeki manipulatua sortzaileak misterioa eta harridura erakusteko. Bere argazkiek badirudi esan nahi dutela hau mundu konplexua dela eta, sarri, bakartia, baina badaudela arrazoiak ezustekoa espero izateko: maitasuna, poza, laguntasuna, ezezagunen arteko begikotasuna.

ARGAZKIGINTZA ETA ZINEMA, GAUR

Argazkigintzan obra esanguratsua duten zinema zuzendarien zerrenda oso luzea da, baina aipagarriak dira Wim Wenders, David Lynch, John Waters, Abbas Kiarostami, Dennis Hopper, Peter Greenaway, Carlos Saura nahiz Bigas Luna, euren argazkiak museo eta eraskusketa aretoetan azaltzen dituztenak.